Hasiera hasieratik euskal feminismo -ez derrigor abertzale-konplexuaren baitan eman den eztabaidetako bat emakumeek pairatzen ditugun indarkerien ezaugarrien finkapena izan da. Eta bereziki, estatu okupatzaileen indarkeria, beren kultura eta burokraziarena, beren indar errepresiboena, e.a. Badira, izan, beste batzuk ere: nazio identitate eta generoarena, kasu, aurrekoari loturik doana; gure askapena eta nazio eta klase askapenaren arteko lotura programatiko eta antolakuntzazkoena; beti ere lehenengoa onartzen bada, egunerokotasunetik ondoriozta daitezkeen deribazio praktiko eta guzti. Zer esanik ez non eta noiz alde batera utzirik, emakumearen askapen prozesu guztietan amankomunak diren eztabaidak: hemen zein Malaysian, XX. mendearen amaieran zein XVII. mendearen hasieran, esaterako.
Ez ditugu eztabaida amankomun horiek ikutuko, nahiz eta patriarkagoaren jitea ukitzen dutenez beharrezkoak diren, ez eta horien bilakaera historikoa eta ekoizpen modu eta gizarte antolakuntza desberdinekiko harremana ere, aitzitik, ukitu, funtsean zehazten gaituen zerbaiti lotuko gatzaizkio, esan dugun bezala, euskal emakumeen artean arazo teoriko eta praktiko izan dena, alegia: zapaltzen gaituzten estatuak, jasaten ditugun indarkeriak eta hauen aurka erabili beharreko praktika zehatzen arteko lotura sakona.
Azkenik, ez dugu eztabaida teorizista edo abstraktua sortu nahi. Gure egunerokotasunean sortzen diren galderei erantzuten ahaleginduko gara aitzitik.
![]() |